75.URTEURRENA: Irailaren 10ean Hondartza Saskibaloia Sopelan!

0000

Irailaren 10ean hondartza saskibaloiaz gozatzeko aukera izango dugu. Eguraldiaren erruz data atzeratu eta gero, hemen dugu zita berri hau. Udako azken txanpan Hondartza Saskibaloi Txapelketaz gozatzeko aukera izango dugu Bizkaiko Saski Baloi Federazioak antolaturik eta Sopelako Udalak eta Ugeraga Saski taldearekin elkarlanean. Txapelketa hau kosta atlantikoan jokatzen den lehen hondartza saskibaloi txapelketa izango da. Diziplina hau Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak onartua izan da, Bizkaiko Saski Baloi Federazioaren eskariz

 

Modalitate honetako  ildoak honako hauek dira:

  • Taldeak: bai senior eta bai oinarrizko mailan, talde bakoitza 3 eta 5 pertsona bitartez osoturik egongo da, momentu bakoitzean horietariko 3 jokatzen egongo direlarik. Mundu guztia oinutsik egongo da, akordiorik ezean.
  • Iraupena: 15 minutuko aldi bakarra izango da, deskantsurik gabe eta arauzko denbora bukatzean berdinketa balego, urrezko saskiratzea egingo da. Izen emateen zenbatekoa handia balitz, antolakuntzak talde batek 15 puntu lortzean, partida bukatutzat emateko eskubidea izango du, nahiz eta arauzko denbora ez bete eta beti ere egoera honen berri partidaren hasieran ematen badie talde biei.
  • Jokalekua: 12 metroko luzera eta 10 metroko zabalera duen laukizuzena, zorua arezkoa eta jaurtiketa librea hondoko marratik 4 metrora egongo delarik.
  • Saskia: 3,05 y 2,60 metrotako altuera izango dute, mailaren arabera, aretik irteten den puntutik uztaierarte.
  • Baloia: Partida guztiak maila bakoitzeko baloi ofizialarekin jokatuko dira. Talde mistoak baleude, mutilek erabili ohi duten baloiarekin jokatuko da.
  • Aurrera egitea: paseen bitartez egin beharko da, ezin da boterik eman. Bi pausu eman ahal izango dira baloia eskuetan dagoela.
  • Puntuaketa: puntu1 saskiratze bakoitzeko, beti ere kapitainak egiten ez badu, izan ere kapitainaren saskiratzeek 2 puntu balioko dute. Alley-oop eran egindako saskiratzeek 2 puntu balioko dute.

Izen ematea dohainekoa da.

 http://www.bizkaiabasket.com/hondartza saskibaloia Sopelan

Bilboko Aste Nagusia 3X3 Basket Txapelketa

3x3 aste nagusia

Aste Nagusiko 3×3 Basket txapelketa . AixeBerri Konpartsak antolatuta, Bilboko Konpartsen, Bilbao Basket federekundea eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren babesarekin.

Txapelketak 4 kategoria izango ditu MINI, HAURRAK, KADETE eta SENIOR (emakumezkoa zein gizonezkoa):

 

Txapelketaren egutegia honako hau izango da:

  • Abuztuaren 24an

    • 10.00-14.30 MINI, HAURRAK ETA KADETE
    • 16.00-20.00 SENIOR ete INTERKONPATSAK
    • 20.15 SARI BANAKETA AixeBerri Txosnan.

Informazio gehiago hemen:

http://www.bilbokokonpartsak.com/aste-nagusia/3×3-basket-txapelketa

Goierri Verkol 57 – 60 Mungia ST (gizonezkoen 2.maila E.H.)

2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_03

FINALAREN EGUNA: GURE EGUNA

Heldu zen eguna, urte guztian zehar itxaroten egon ginen eguna, finalaren eguna. Maila honetan lau urte eman ondoren bizi izan ditugun lesio, min, haserre, “juerga” eta atsekabe guztien emaitza izango zen eguna iritsi zen eta bagenekienez horrelako beste aukera bat izatea oso zaila izango zela, ezin genion ihes egiten utzi; urtean zehar egindako lanari eta gu laguntzera etorri zen lagun eta familia guztiei zor genion.

Goizean goiz, Donostiarantz joan aurretik autobusaren inguruan bildutako jendetza ikusita eta autobuseko lekuak gutxi izango zirela ikusita, final baten aurretik izaten den larritasunarekin abiatu ginen Gipuzkoarantz. Bidaian zehar izandako nerbioak lasaitzeko asmoz, aldageletan Iñakik egin beharrekoa argi utzi zuen, Japoniarren istorioetara jo behar izan gabe, eta beroketa saioari ekin genion Aitorren agindupean.  Normalean baino isiltasun eta seriotasun handiagoa sumatzen zen giroan, aurretik genuen erronkaren erakusgarri.

Aurrean Goierriko taldea geneukan, talde fisiko eta azkarra eta bere erasoko aukerak oso ondo baliatzen zituena. Bagenekien garaitzeko aukera bakarra, aurkariak baino gogo eta indar handiagoa erakustea izango zela eta burutapen horrekin ekin genion partiduari. Hasierako saltoa irabazi genuenetik, baloia azkar mugitzen hasi ginen eta era guztietako jaurtiketa erosoak bilatzen genituen markagailuan lehenengo alde nabarmena lortuz. Hala ere, Goierriko jokalariek hutsarte baten ostean defentsa gogortu zuten eta partiduari buelta ematea lortu zuten, lehenengo laurdenaren amaieran 19-14 emaitza ezarriz.

Handik aurrera, talde bakoitzak boladaka lortzen zituen puntuak eta partzialez betetako minutuak bizi izan genituen; gipuzkoarrek zortzi puntuko abantaila eskuratu bazuten ere, atsedenaldira 36-31ko markagailuarekin iritsi ginen. Final-aurrekoan gertatu zen bezala, mungiarrak atzetik egon ziren markagailuan baina harmailetatik animo erara etortzen zen indarra baliatuz, hirugarren laurdena konfiantza handiarekin hasi zuten. Momentu kritiko batzuk igaro genituenean eta puntuak lortzeko zailtasunak izan genituenean agertu ziren gure taldea, “Talde” bihurtzen duten ekarpenak; hauetako garrantzitsuenetako bat Iker “Pepi”-Martinezek lortu zuen, sorbaldan zuen lesioari aurre eginez eta aurreko eguneko atsekabea atzean utzi zituen bi hiruko garrantzitsu lortuz. Momentu honetan, gure Gorka “Momia” Mentxakak ere, munduko benda guztiekin, saskiratze garrantzitsuak lortu zituen taldeari arnasa emateko eta laurden amaieran aldea bi puntutara jaisteko, 56-54.

Azken laurdenean tentsioa asko ugaritu zen, defentsak gogortu egin ziren bi saskietan eta aurreko eguneko nekea ere sumatzen hasi zen; momentu hauetan, epaileek ez zituzten horrenbeste falta adierazi eta jokoan nerbio eta larritasun handia nabaritzen hasi zen. Markagailua oso parekatuta joan zen momentu oro eta amaiera aldeko minutu erabakigarrietara iritsi ginen; minutu bat faltan, gipuzkoarrak puntu bat goitik zihoazen markagailuan, baina mungiarrek jokaldi luze baten ostean, Egoi “Aitatxu” Ibarraren hiruko bat baliatu zuten aurretik jartzeko eta aurkarien esperantzak uxatzeko. Handik aurrera jaurtiketa libreen joan-etorria iritsi zen bi saskietan, baina aldeak bere horretan jarraitu zuen eta erreboteak segurtatzea kostatu zen arren, Mungia ST-k  70-67 emaitzarekin partida irabazi zuen.

Puntuazioa: Eneko, Larra, Imanol, Egoi (13), Gorka (7), Jon Garcia (8), Txus (11), Iker (9), Alatz (11), Ander (10), Jon Mateos, Xabier Urkiola.

Partida amaierako txirrinak jo ostean gertatu zen guztia, han egon ginen guztion memorietan geratuko da denbora luzean: ospakizunak, besarkadak, negarrak, txanpan tragoren bat … Han bizi izan genuen guztia, urteetan zehar garatzen joan zen familia giroaren emaitza izan zen eta noizbait irabazteko esperantzarekin taldeari eusten jarraitu dugunon erakusgarri argia. Guzti honek ez luke inongo zentzurik edukiko atzetik bultzadaka dabiltzan guztien animorik gabe eta honako hau, kronika berezia denez, jokalariok aparteko eskerrak eman beharrean gaude:

  • Lehenengo eta behin, familiei, beti gurekin batera eta izaten ditugun haserre eta lesioekin laguntzen diguzuelako.
  • Jose Ignacio Erkorekari, talde honetan asko zor diogulako eta bere laguntza barik, ezingo genuelako erdirik ere lortu. Nahi duzunean, berriro ere itxarongo zaitugu.
  • Taldeko zuzendaritzari, itzalean egiten duten lanarengatik. Luis, badakigu ez zinela finalera etorri hurrengo urterako babesle berrien bila hasi zinelako.
  • Neska nagusien taldeko denei, astero-astero aurkarien artean “lagunak” egiteko eta ahotsik gabe geratzeko prest zaudetelako; partida osteko berbaldi luzeek ere badute emaitzarengan influentziaren bat.
  • Gainontzeko kategorietako neska-mutilei, ikus dezazuen lortu duguna zuek ere lortu dezakezuela eta zuentzako bidea zabaltzen ari garela. Esker berezia asteburu honetan etorri zineten jokalariei (senior, junior, kadete…) ere, zuen zarata eta “PASIO”-rik gabe zailagoa izango zelako helburua lortzea.
  • Iñaki Landetari, urte guztian zehar gu bezalako artaburuak kontrolatzeko eta jasateko gai izan zarelako eta Mungiagaz, beste inora joan barik, lortu ahal izan duzulako zeozer handia eta garrantzitsua egitea.
  • Aitor Ayori; batzuetan, entrenamendu askotako gogortasun fisikoa dela eta, sekula ezagutu ez izanaren nahia eduki arren, bere prestaketak urte amaierara fisikoki ahalik eta hoberen heltzea ahalbidetu duelako. Gainera, bere benda, pomada, brebaje eta aholku barik, zer egingo luke Gorkak? Gure “Panoramix” partikularra da Aitor.
  • Gorostiaga anai biei, entrenamenduetan laguntzera etortzeaz aparte, hurrengo urteren batean fitxa egiteko aukera zabalik uztearren.
  • Entrenamenduetan batzen garen jokalari guztiei, A taldeko, B-ko, junior, kadete edo preminiei; nahiz eta denok ez dugun nahibeste jokatzen egoera desberdinak direla eta, beti irribarre batekin eta ondo pasatzeko gogoz etortzen zaretelako eta hurrengo urteei begira, talde honetako ardatz bihurtu behar zaretelako: Jon “Top Model, Kortajarena, Coca Cola man” Larrauri, Jon “Junior” Mateos, Eneko “Kongito” Corral, Xabi “Multa” Urkiola …
  • Azkenik, erretiratuko dela esaten duen Egoiri; zure azken saskiraketen ondoren erretiratzeko era hoberik ez dagoen arren eta etxean beste bat gehiago izango zareten arren, badakigu hau ez dela agur bat izango, jokatzeko gogoak etorriko zaizkizulako berriro ere. Ordura arte, itxaroten egongo gara.

Aldez aurretik barkatu baten bat ahaztu bazait, asko zaretelako handi egiten gaituzuenak.

 

ESKERRIK ASKO DANORI!!!!!!!

2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_06 2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_07

2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_08

2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_04 2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_05

2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))_02 2016-05-15 Goierri Verkol 57 - 60 Mungia ST (gizonezkoen 2. mailako E.H.))