2ª div. masc: Mungia ST- Rodamientos Arizti

Mungia ST—Rodamientos Arizti  partiduaren kronika

Ligako azken jardunaldi honetan, Mungiako taldeak aurtengo liga irabazlea izan den Rodamientos Ariztiren aurka jokatu du ligarekin amaitzeko. Aste honetan ia talde osoarekin ekin diogu partiduari, Imanolen falta izan baita hutsune bakarra. Azken neurketa honetan ezer jokoan ez geneukan arren, aurreko asteko sentsazio txarrak atzean utzi nahi izan genituen eta hurrengo asteko finalerdira ahalik eta hoberen heltzea izan da helburu nagusia.

Partiduaren hasieran talde biei saskiratzeak sartzea kostatu arren,  gasteiztarrek lehen abantaila txikiak lortu zituzten, nahiz eta lehen laurdenaren amaierara puntu bateko aldearekin baino ez ziren iritsi, 13-14ko emaitzarekin. Bigarren laurdena ere antzeko martxan joan zen: mungiarrek momenturen batean markagailuan aurretik jartzea lortu zuten arren, arabarrek eraman zuten aurrea minutu guztietan zehar, eta atsedenaldira 6 puntuko zuloa egitea lortu zuten, 26-32ko emaitzarekin.

Atsedenaldiaren ostean, Rodamientos Ariztik indartsu ekin zion hirugarren laurdenari eta etxekoek errebotea ixten jakin ez zutenez, hainbat aukera gehiago aprobetxatzeko era izan zuten saskiraketa gehiago egiteko. Era honetan, 15 puntuko aldea lortzeraino heldu ziren, 29-45eko emaitzarekin. Hala ere, 10-0eko partzial batekin etxekoek berriro partiduan sartzea lortu zuten eta laurdena 8 puntuko desabaltailarekin amaitzea lortu zuten: 39-47.

Azkeneko laurdenean, mungiarrek buruarekin baino bihotz gehiagoz ekin zioten partidua parekatu nahian, baina gasteiztarrek askoz hobeto jakin zuten bere abantaila mantentzen eta beraien fisikoa baliatu zuten bizkaitarren ahaleginak bertan behera uzteko. Aldeak ez ziren 6 puntutik jaitsi eta beraz, arabarrek lortu zuten garaipena nahiko era argian. Azken emaitza 56-64 izan zen.

Hurrengo partidua etxean izango da, San Prudencioren aurkako finalerdia hain zuzen ere. Mungiarron nahiak neurketa hau ahalik eta hoberen prestatzea izango da aste honetan eta ahal izanez gero, nesken taldearen izenean “mendekutxoa” hartu. Beraz, hurrengo larunbateko partidara dei egiten zaituztegu ahalik eta animo gehienak jasotzeko eta denon artean helburua lortu ahal izateko.

Betiko moduan, eskerrik asko harmailetan animoak ematen egoten zareten denoi, zuen animoek bultzatuko gaituzte partiduak irabaztera eta. Aurrera mutilak!

  • Saskiratzaileak: Mikel (6),  Kurro (4), Larra, Jon Garcia (6), Gorka (11), Frank (3), Txus  (12), Iker , Alatz (14), Xabi.

Kategoria: Kronikak, MST. Gorde lotura.