Barne Araudia

MUNGIA SASKIBALOI TALDEA  

BARNE ERREGIMENEKO ARAUDIA    

I. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK

1. Helburua.

Barne Erregimeneko Araudi honen helburua Mungia Saskibaloi Taldearen (aurrerantzean kluba deituko zaio) barruko antolakuntza eta funtzionamendua arautzea da, gaur egunean indarrean dagoan kirol-araudiaren markoaren barruan (163/2010 Dekretua, bagilaren 22koa, Kirol-klubei eta kirol-alkarteei buruzkoa) eta beronen Estatutuetan zehazten danari zehatz jarraituta.

2. Erabilera eremua.

2.1. Pertsonala:

–          Klubean izena emonda dagozan jokalari guztiak, inskripzinoa formalizatzen dabenetik bajara arte.

–          Klubeko pertsonal tekniko guztia.

–          Ikasleen guraso guztiak, inskripzinoaren unetik Klubean baja hartu arte, gurasoentzat aplikagarria dan gaietan.

–          Edozein arrazoi dala eta, aldi baterako Kluba osatzen daben lagun edo erakunde guztiak.

2.1.1   Klubeko partaide guztiak hurrengo arauak bete behar dituzte:

–          Errespetua: Taldeko kide guztiakaz, kontrako taldekoakaz, arbitroakaz eta jokoaren arauakaz; bai jokatzeko eremuan eta bai handik kanpo, bai entrenamenduetan, bai partiduetan eta bai taldea beste edonora doanean bere.

–          Taldeak proposatzen dituan jardueretan era aktiboan parte hartzea.

2.2. Lekua:

–          Klubeko kide guztiak edo batzuk euron kirol-jarduerak egitera doazen edozein kirol-instalazino, lokal, eraikin edo eremu; bai noizean behin bada eta bai ohituraz bada bere.

2.3. Denporea:

–          Kirol jarduereak irauten dauen denporea, kirol-egutegiaren arabera.

–          Urte osoan zehar, Klubeko teknikarien edo Klubak kontratatzen dituen langileen ardurapean antolatzen diran jarduera osagarrietan.

 

II. ATALA OSAERA ETA EGITURA

 

  1. MST-ren organuak

            1.1. Gobernu organua:

–          Boto eskubidea daben bazkide guztiek osotzen dabe Batzorde Orokorra.

1.2. Kide anitzeko Administrazino-organua

–          Zuzendaritza batzordea. Ondokoek osatzen dabe: Presidentea, Presidenteordea, Diruzaina eta Bokal bi.

1.3. Ordezkaritza organua

–          Lehendakaria.

 

Klubaren organuek, eskumena daukien eremuaren barruan, bermatu egiten deutsie kirolari, teknikari eta laguntzaileei, baita gurasoei bere, euren eskubideak erabili ahal izatea, eta lan egingo dabe jagokezan betebeharrak beteteko. Era berean, Klubeko kide guztien parte hartzea bultzatuko dabe, klubaren alde egin daien, bai bere kudeaketan eta bai berorren ebaluazinoan.

Zuzendaritza Batzordearen barruan Diziplina-Batzordea eratu ahal izango da, eta Zuzendaritza Batzordeak eskatzen deutsonean, Diziplina-Batzordearen ardurea izango da, huts larri edo sano larriak gertatzen diranean, Zuzendaritza Batzordeak idegiten dituan espedienteen ganeko erabagiak hartzea. Ondoko Lagunak egongo dira Batzorde horretan: Klubeko presidentea (edo berorrek ordezkari moduan izendatzen dauena), Kirol-koordinatzaile eta teknikarien ordezkari bat eta Zuzendaritza Batzordeko kide bat.

Konfigurazinoari eta eskumenen eta funtzinoen mugei jagokenez,

  1. Kirol Batzordea  

–           Kirol Koordinatzaileak eta kirol arloko lantaldeko kideek osatuko dabe. Gitxienez 3 lagunek osotuko dabe eta 5ek gehienez.

– Kirol Batzordeak hartuko dau ardurea kirol arloko jarduerakaz zerikusia daukan guztia kudeatzeko.

–          Entrenamenduen menua sortu eta aholku teknikoak emongo dabez, maila eta denporaldi bakotxari egokituta. Jokalarientzako fitxa teknikoaren eredua proposatuko dau.

–          Taldeen beharrizan eta arduren barri emongo deutso Zuzendaritza Batzordeari.

–          Lehiaketetako probetan parte hartzeko inskripzinoen ganeko erabagiak hartuko dauz.

–          Idazkariagaz batera egingo dau lan federazinoaren baimenak prestatzeko eta aurkezteko.

–          Kirol jarduereak izango dituan diziplina-arauak sortzeko eta aplikatzeko arduraduna izango da.

  

  1. Kudeaketa Batzordea

–          Diruzainak eta marketing eta diruzaintzako lantaldeko kide batzuek (3 gitxienez eta 6 gehienez) osotuko dabe.

–          Berorren ardura nagusia kudeaketa ekonomikoa da; eta berorren ardura nagusia urteko aurrekontuak egitea da eta gero horren jarraipena eta kontrola egitea, baita taldeko bazkideen urteko kuoten zenbatekoa zehaztea.

–          Bere ardurea izango dira hornidura kontuak: materiala, baloiak, ekipazinoak, botikinak eta abar.

–          Taldeak ondoko diru-gastu eta -sarrerak izango ditu:

v  Gastuak

  • Txapelketetakoak

–          Taldeen inskripzinoak

–          Federazinoaren baimenak

–          Arbitro-lanak eta idazkariak

–          Mediku-gastuak

–          Seinaleak eta lehiaketa

  • Materialekoak
  • Orokorrak

v  Sarrerak:

  • Lortutako dirulaguntzak
  • Laguntzaileak
  • Bazkideen kuotak. Zuzendaritza Batzordeak ezarriko dau urtero.
  • Jarduera-kuota. Dana batera ordainduko da, taldea urteko izen-emotea egiten danean. (Kuotea ordaintzeko inork arazorik baleuko, kudeaketa ekonomikoko batzordeagaz egingo da berba eta ordaintzeko-eran ze aukera dagoan aztertu)

Jarduera kuotea ordaindu ez egiteak kirola praktiketan ez ixtea edo taldetik botatea ekarri lei ondorio moduan; Zuzendaritza Batzordeak erabagiten dauena.

  1. Diziplina Batzordea

–          Zuzendaritza Batzordeko kide batzuek (gitxienez 2 eta gehienez 4) osotuko dabe. Bere zeregin nagusia hau da: Estatutuan edota araudietan ezarrita dagoan arauren bat hausten danean, horren ganeko epaia emotea eta zigorra ezartzea.

  1. 5.    Entrenatzaileak

Ondokoak izango dira entrenatzailearen lanak:

–          Bere taldearen entrenamendu eta partiduak zuzentzea.

–          Arauon barri izatea eta bete daitezan lan egitea.

–          Taldearen diziplina zaintzea.

–          Kirol Zuzendaritzak eskatzen dituan batzar guztietara joatea.

–          Bere taldeari emon jakon material guztia jagotea eta horren arduraduna izatea.

–          Entrenamendu eta partiduetan erabilten diran instalazino eta materialak ondo jagotea.

–          Bere taldekoen fitxak gordetea denporaldiaren barruan.

–          Kirol koordinatzailearen agindu eta gomendioetara mantendu.

  1. 6.     Jokalariak

Ondokoak dira jokalarientzako arauak:

–          Denporaldi bakotxari jagokon kuotea ordaintzea horretarako Taldeak ezarritako epearen barruan.

–          Taldeak antolatzen dauzen jarduera guztietara orduan joatea.

–          Puntualtasun-falta edo huts-egiteen azalpena emotea.

–          Entrenatzaileek eta koordinatzaile nagusiak agindu eta aholkatzen dauena betetea beti.

–          Materiala eta instalazinoak jagotea.

–          Taldeak proposatzen dituan jardueretan era aktiboan parte hartzea.

–          Diziplina-zigorren bat ezarri ezkero, errespetuz onartzea.

  1.  Talde-ordezkariak

Talde-ordezkariak ekipoa osatzen daben jokalarien bozeroaleak dira. Taldean adinez txikiak diran jokalariak dagozanean, aita edo ama batek izan beharko dau ordezkaria. Kirol denporaldi bakotxaren hasikeran aukeratuko da taldeetarako ordezkari bana.

Talde-ordezkarien betebeharrak:

–          Taldearen ordezkari izatea partiduetan; bera izango da entrenatzailearen, kontrakoen Klubaren eta epailearen arteko loturea.

–          Entrenatzaileak taldearen barruan behar dituan gauza guztietan laguntzea.

–          Taldearen norabide onari kalte egin ahal deutsien gauzen eta Araudi honen hausten daben jarduera guztien barri emotea.

–          Kirol-koordinatzaileak dei egiten deutsen batzarretan parte hartzea.

  1. 8.     Gurasoak

Kirolari batek Klubean izena emoten dauenean, bere gurasoek onartu egiten dabe Klub horrek eskaintzen dituan jarduerak, eta konpromisoa hartzen dabe araudia onartzeko eta ahalegina egiteko bere semeek /alabek errespetatu daien.

Gurasoek eskubide daukie euren semeen/alaben kirol-lanaren eta jokaerearen ganeko behar dan beste informazino jasoteko.

Araudi honetan jasota dagozan gurasoentzako eskubide eta betebeharrak, gurasorik egon ezean, tutorearenak edo legezko ordezkariarenak izango dira.

  1. 9.     Gurasoen betebeharrak:

-Kirol hezitzaileei ahal dan guztian lagundu, eta euren erabagietan eskurik ez sartzea.

Kontrako taldea eta laguntzen jatorkezanak errespetatzea eta eurokazko arazo eta gorabeherarik ez sortzea.

Epaileen erabagiak onartzea eta errespetatzea eta jokalariei animoa eta lasaitasuna transmititzea, erabagiok justuak izan ez arren.

Ahalegina egitea beste arrazoi batzukaitik (nota eskasak, etab.) entrenatu barik edo partiduetara joan barik ez zigortzen; izan bere, zigor horreek talde osoarentzat dira kaltegarriak, ez jokalari horrentzat bakarrik.

Partiduetako joan-etorrietan laguntzea.

Ahalegina egitea euren semek/alabek arauak bete daiezan eta Klubaren baloreen arabera jokatu daien.

Jokalaria adingabea bada, gutxienez haietako bat klubaren bazkidea izan behar da.

  1. Iradokizunak, kexak eta erreklamazinoak

Klubak bertako edozein kidek berorren funtzionamenduaren ganeko iradokizunen, kexen eta erreklamazinoen tramitazinoa bermatzen dauen sistemea ezarriko dau

III. TITULUA DIZIPLINA ARAUBIDEA

  1. 1.    Definizinoa

Araudi hau Klubeko kirolari guztiei aplikatu ahal izango jake. Horren ganera, Klubeko beste kide batzuei bere aplikatu ahal izango jake araudi honetan ezarrita dagoanaren kontra egiten badabe.

Kirolari guztiek daukiez oinarrizko eskubide eta betebehar bardinak, desbardintasunak edadearen eta kirol-modalidadearen arabera baino ez dira egingo.

Klubeko kirolariek uren eskubideak erabili ahal izango ditue, beti bere Klubeko ganerako kideen eskubideak onartu eta errespetatuta.

Klubaren Gobernu-organuei jagoke, euren jokatze-eremuan, kirolariek zuzen jokatzen dabela eta euren eskubide eta betebeharrak beteten dirala bermatzea diziplina-araubide honetan ezarritakoaren barruan.

  1. Araudia

MSTko kirolarien diziplina araudia kirol arloko legean indarrean dagoanaz bat dator ondoko araudiakaz, hau da, Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1988 Legea, kirol-klubei eta kirol-alkarteei buruzko ekainaren 22ko163/2010 Dekretua eta Legearen ganerako xedapenak, bere Estatutuak, Araudi hau eta beronen organuek hartzen dabezan baliodun erabagiak.

  1. Gainbegiratzea

Zuzendaritza Batzordeko kideek, Kirol koordinatzaileek eta teknikariek ardurea hartuko dabe araudi honetan aurreikusten diran zigorrak sortuko dabezan ekintzak prebenitzeko, eta hori lortzeko eten bako hartu-emona eta laguntza erabiliko ditue.

Gerora hartu ahal izango diran neurriez aparte, ekipoaren/taldearen barruan ordena izateko, behar diran neurriak hartu ahal izango ditue teknikariek, eta gero jagokon kirol-koordinatzaileari emon beharko deutsie horren barri.

  1. Arau-hausteak

Sailkapena. Arau-hausteak edo hutsak arinak, larriak edo sano larriak izan leitekez.

Huts arinak:

–          Arrazoitu bako puntualtasun faltak.

–          Entrenamenduetara eta kirol jardueretara lantzean behinean eta arrazoitu barik huts egitea.

–          Entrenatzaileari ez jakinarazotea ohikotik kanpoko edozer edo entrenamendu eta partiduetara joango ez dala aldez aurretik behar dan besteko denporaz, ahal bada behintzat.

–          Klubaren jardueretan eragiten dauen justifikatu bako edozein ekintza.

–          Kideek kirola egiteko daukien eskubidearen kontrako errespetu faltak; entrenamenduetan, partiduetan eta joan-etorrietan beste kirolari batzukaz, epaileakaz, entrenatzaileakaz edota jarduereagaz zerikusia daukan beste edonogaz larriak ez diran jarrera desegokiak izatea edota errespetu faltak agertzea.

–          Klubeko egoitza, instalazino, material eta ganerakoak, baita bere Klubeko edo beste Klubetako kirolarien gauzak apropos hondatzea larria ez dan eran.

–          Larriak ez diran diziplina faltak, berba txarrak eta irainak; baita larriak ez diran eraso fisikoak bere.

–          Jarrera pasiboa izatea kirol-prestakuntzako jardueretan parte hartzeko orduan eta teknikariek heziketa arlorako emoten dabezan jarraibideetan.

 

Huts larriak:

–          Entrenamenduetara eta kirol jardueretara behin eta barriro eta arrazoitu barik huts egitea.

–          Kirol denporaldi berean huts arinak egitea behin eta barriro.

–          Larriak diran diziplina faltak, berba txarrak eta irainak, bai Klubeko kideei zuzenduta eta bai beste batzuei bere; izan bere, Klubaren irudiaren kalterako dira.

–          Eraso fisiko larriak Klubeko kideei, beste Klub batzuetakoei, epaileei, ikusleei eta abar.

–          Txarto erabilteagaitik, Klubaren gauza edota instalazinoetan kalte larriak sortzea; gauza bera jazoko da kalteak Klubeko ganerako kideen gauzetan edo beste klub batzuetako gauzetan izan ezkero.

–          Klubaren jarduerak normaltasunez burutu ahal izateko kalte handia egiten daben justifikatu bako ekintzak.

–          Kideek kirola egiteko daukien eskubidearen kontrako errespetu faltak agertzea behin eta barriro; entrenamenduetan, partiduetan eta joan-etorrietan beste kirolari batzukaz, epaileakaz, entrenatzaileakaz edota jarduereagaz zerikusia daukan beste edonogaz larriak diran jarrera desegokiak edota errespetu faltak agertzea.

 

Huts sano larriak:

–            Sano larriak diran diziplina faltak, berba txarrak eta irainak, bai Klubeko kideei zuzenduta eta bai beste batzuei bere; izan bere, Klubaren irudiaren kalterako dira.

–            Ikasturte akademiko beraren barruan hiru huts larri edo gehiago egitea. Eraso fisiko sano larriak Klubeko kideei, beste Klub batzuetakoei, epaileei, ikusleei eta abar.

  1. Zigorrak

Aitatutako hutsak egin ezkero, ondoko zigorrak ezarriko dira:

Huts arinak egin ezkero, kasua aztertu ostean, ondoko zigorretakoren bat ezarriko da:

–          Abisu pribatua.

–          Idatzizko abisua. Horren konstantzia izango dau Zuzendaritza Batzordeak eta gurasoei bere jakinarazo egingo jake.

–          Egindako hutsa konpontzen lagunduko daben lanak egitea.

–          Klubaren jarduerak hobetzen eta garatzen lagunduko daben lanak egitea.

–          Kirol praktikatik kanpo ixtea (gehienez bere, 8 egunez).

Huts larriak egin ezkero,

–            Asistentzia hutsak behin eta barriro eta justifikatu barik egin badira, abisua egingo da eta, berorregaz batera, jagokon teknikariak eta kirol koordinatzaileak txosten zehatza egingo dabe jarrera horren ganean.

–            Sortu diran kalte materialak konpontzen edota Klubaren jarduerak  hobetzen eta garatzen lagunduko daben lanak egitea. Lan horreek egiteko epea hilabetekoa izango da gehienez bere.

–            Kirolaria beste talde batera eroatea, horretarako erarik badago.

–            Kirol praktikatik kanpo ixtea (gehienez bere, 15 egunez).

Huts sano larriak egin ezkero:

–          Sortu diran kalte materialak konpontzen edota Klubaren jarduerak hobetzen eta garatzen lagunduko daben lanak egitea. Lan horreek egiteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez bere.

–          Kirol praktikatik kanpo ixtea (epea: gitxienetik 30 egun eta gehienez bere kirol denporaldi osoa).

Zuzendaritza batzordeak kirolaria atzera hartu ahal izango dau taldearen barruan, honek horretarako eskaria egin ostean eta bere jarreran onerako aldaketea egon dala egiaztatu ostean.

Zigorrak ezartzeko eskumenak

Zuzendaritza Batzordeak eskuordetuta, Kirol Koordinatzailea izango da huts arinakaitik ezarri beharreko zigorrak erabagiteko. Horren barri emon beharko deutso Zuzendaritza Batzordeari egiten dan lehenengo batzarrean; horren ganera, Klubaren ganerako estamentuei bere gai honen ganeko informazinoa emongo jake.

Zuzendaritza Batzordeak eskuordetuta, Diziplina Batzordea izango da huts larri eta sano larriak egiten dabezan kirolarien ganeko zigor-gaiez arduratuko dana.

Ondoko kideek osatuko dabe Diziplina Batzordea:

. Klubaren Presidentea edo berorrek aukeratzen dauen ordezkaria.

. Zuzendaritza Batzordeko kide bat.

. Kirol Koordinatzaileen edo Teknikarian ordezkari bat.

Zigor-prozedurea.

Huts larri eta sano larriak jazo diranean, Diziplina Batzordeak instruktore bat izendatuko dau bertako kideen artean. Instruktoreak espedientea idegiko dau, kargu-orria egingo deutso kirolariari; kirolariak esateko daukana entzungo dau, baita kirolariaren gurasoek edo legezko ordezkariek, teknikariek, Kirol Koordinatzaileak eta gaiaren ganean interesgarriak diran datuak emon leikiezan guztiek esateko daukien guztia bere.

Neurri zuzentzaileak urgentziaz ezarri behar diranean, gaiaren zabalkundearen eta larritasunaren arabera, zuzenean esku hartu ahal izango dau Diziplina Batzordeak; instrukzino aldian egiaztapenik egin barik, baina aldez aurretik Kirol Koordinatzaileak egindako txostena aztertuta eta interesdunak eta bere gurasoek eta teknikariek esateko daukiena entzun ostean. Zigorraren barri emongo jako familiari idatziz.

Kirolariek edo horreen gurasoek uko egin ahal izango deutsie instruktoreari, bere jarrera edo ekintzen ondorioz espedientearen instrukzinoan objetibotasun faltea egon dala uste badabe.

Hutsegitearen barri izan ostean, espedientea ahalik eta eperik laburrenean bideratu beharko da (gehienez bere 10 eguneko epearen barruan). Huts larri eta sano larriak preskribidu egingo dira hiru hilabeteko epea igaro ostean.

Behin espedientea bideratuta, audientzia emongo jako kirolariari (adinez txikia bada, berorren gurasoei). Bertan azalduko jake ze huts leporatzen jakon eta idatziz emongo jake zigor-proposamenaren barri. Espedientea bideratzeko epea ez da 7 egun balioduneko epea gaindituko.

Klubaren ohiko jarduerak normaltasunez burutzen dirala bermatzeko beharrezkoa danean, larriak izan leitekezan hutsak dirala medio sortu danean espedientea, Instruktoreak behin behineko neurriak hartzeko proposatu ahal izango deutso Diziplina Batzordeari; besteak beste, aldi batez Klubera joatea galarazotea edo kirolaria taldez aldatzea behin behineko eran.

Diziplina Batzordeak proposatuta, Zuzendaritza batzordeak espedienterik ez bideratzea erabagi leike, horretarako arrazoiak dagozanean.

Diziplina espedientearen ganeko ebazpena hartzeko edo artxibatzeko erabagiteko orduan, jagokozan zigorren aplikazinoa mailakatzeko, kirolariaren egoera izango da kontuan (bai pertsonala, bai familiarra eta bai soziala bere). Era berean, kirolariaren jarreran eragina daukiela ikusten danean, berorren egoera pertsonal, familiar edo sozial horreek aldatzeko neurriak hartzeko eskatu ahal izango jake kirolariaren gurasoei.

Espedientearen ganeko ebazpena, gehienez bere, berori hasi danetik gora, hilabeteko epearen barruan hartu beharko da.

Zigor horren ganean, gora joteko errekursoak aurkeztu leitekez Zuzendaritza batzordearen aurrean. Zuzendaritza Batzordeak hartzen dauen erabagiaren ganean, Batzorde Orokorrari aurkeztu ahal izango jako errekursoa, eta horrek egiten dauen lehenengo batzarrean (ohikoa zein ezohikoa) hartuko dau gai horren ganeko erabagia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Araudia indarrean sartzea.

Barne Erregimeneko Araudi hau indarrean sartuko da Batzorde Orokorrak onartzen dauen egunean.

Bigarrena.- Araudia aldatzea

Araudiaren aldaketak, Zuzendaritza Batzordeak proposatu eta Batzorde Orokorrak onartuko dauz.

Beronen barruko artikulu guztiak berraztertu egin beharko dira, une bakotxean sortzen diran lege-xedapenakaz bat ez datozanean.

Mungian, 2012ko ekainak 22